Authentics Cup by Orona Fundazioa
Donosti Cup-eko ekimen inklusiboak beste urte batez bildu ditu taldeak, familiak eta zaleak elkarbizitza, kidekotasuna eta aukera-berdintasuna nagusi izan dituen jardunaldian.
15 Uzt 2026
Orona Fundaziotik kirol egokituko kategoria honen edizio berri bat babestu dugu, ezintasuna duten pertsonen kirol-partaidetza sustatzeko eta, futbolaren bidez, gizarte inklusiboago bat eraikitzen laguntzeko helburuarekin.
Jardunaldiak zortzi talde bildu zituen —GAUDE, Set11 Sports, Mindara Elkartea, Atzegi, Olagarroak, Bidarte, Real Sociedad eta Gipuzkoako Selekzioa— eta kirol-esperientzia paregabeaz gozatu zuten. Bertan, lehiaketarekin batera, errespetua, ahalegina, adiskidetasuna eta talde-lana bezalako balioak izan ziren protagonistak.
Kirola, inklusiorako gunea
Orona Fundazioan kirola harremanak sortzeko, mugak gainditzeko eta pertsona guztien parte-hartzea errazteko tresna gisa erabiltzen duten ekimenen alde egiten dugu. Alde horretatik, Authentics Cup aukera bikaina da ezintasuna duten kirolariek futbolaz gozatu, lehiatu eta kirol-esperientzia bat baldintza berberetan partekatu ahal izan dezaten.
Edizio honetan, kirolaren balioekiko gure konpromisoa sendotu dugu, Más Fútbol erakundearekin batera garatutako Txartel Berdea ekimenarekin ere bat eginez. Ekimen honen helburua joko-eremuan gertatzen diren portaera positiboak aitortzea eta ikusaraztea da.
Sei urtez Authentics Cup kategoria inklusiboa bultzatu ondoren, Orona Fundazioan, mugarik ezagutzen ez duen eta errealitate nahiz kultura desberdinetako pertsonak elkartzeko gaitasuna duen kirol baten alde egiten jarraitzen dugu.