Skip to main content

Valentin Larrearen 150. urteurrena

Ospakizun honekin bat egiten dugu gure kultura musikala zaintzeko dugun konpromisoa berretsiz

04 Abe 2025

Orona Fundazioa harro dago 1876an Gabirian jaiotako Valentin Larrea Iturbe konpositore, pianista eta interpretearen figura eta obra berreskuratzeko eta hedatzeko proiektuari laguntzeaz. Haren musika-ekoizpena ondare baliotsua da euskal kulturarentzat. 2026an ospatuko den bere jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, hainbat kultur ekimenek sortzaile emankor eta bere garaian aitortua izan den honen ibilbidea balioan jartzeko aukera emango dute.

Valentin Larrea bere garaikideek errespetatutako musikaria izan zen, garaiko kronika ugarik jasotzen dutenez. Bere obra zabala eta anitza da, eta piano, organo, hari-talde eta abesbatzarako konposizioak hartzen ditu bere baitan, baita koru-errepertorio zabala ere, zeinarekin hainbat sariketatan sariak eta goraipamenak lortu baitzituen. Interprete, konpositore eta irakasle lanak miresmena sortu zion eta gaur egun ere bizirik dirau.

Bere figura berreskuratzeko proiektua 2019an hasi zen Berazadi Larrea familiaren ekimenez, musikagilearen jaioterria den Gabiriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Bultzada horren ondorioz, 2026 urte giltzarria izango da ibilbide luzeko lana osatzeko, haren ondarea gaur egungo publikoari hurbiltzeko.

Fundazioan funtsezkotzat jotzen dugu gure lurraldeko kultur ondarea erreskatatu eta zabalduko duten ekimenak babestea. Valentin Larrearen inguruko errekuperazio lanak sortzaile bikain bati ikusgarritasuna emateaz gain, memoria kolektiboa indartzen ere laguntzen du, musika eta emozio aldetik aberastasun handia duen obra belaunaldi berrien eskura jarriz.

Itzuli gora