Skip to main content

ABAO Bilbao Opera - Opera y + programa

Operaren bidez pazienteen bizi-kalitatea hobetuz

08 Ira 2025

Orona Fundazioan, inklusioa, kultura eta gizarte-ongizatea sustatzen dituzten proiektuekiko konpromisoa berresten jarraitzen dugu. Horregatik, Operaren Lagunen Bilboko Elkarteari (OLBE Bilbao Opera) laguntzen diogu bere erreferentziazko programa soziala garatzen: Opera y +.

Programa hau helburu argi batekin sortu zen: musikaren eta kulturaren bidez, pazienteen, familien eta langile soziosanitarioen bizi-kalitatea hobetzea. Hamarkada batez, Opera y + programak 7.500 onuradun baino gehiago izan ditu: jaioberriak, pediatria zerbitzuan ospitaleratutako haurrak, gaixotasun kronikoak dituzten helduak, familiak eta osasungintzako profesionalak.

Tailerren, hitzaldien eta emanaldien bidez, operak erakutsi du gaitasuna duela estresa eta antsietatea murrizteko, gogo-aldartea hobetzeko, indarberritze emozionala suspertzeko eta, azken batean, ospitale-ingurunea gizatiartzeko. Edizio bakoitzean 30 jarduera baino gehiago egin dira, eta programa horrek pazienteen, senideen eta osasun-langileen arteko harremanak estutzen lagundu du, ahultasun-egoera berezietan konexio- eta lasaitasun-uneak eskainiz.

Bere 10. urteurrenean, Opera y + -ek erronka berriei aurre egiten die: jarduerak are gehiago pertsonalizatzea adin eta espezialitate medikoen arabera, ongizate emozionalean duten eragina ebaluatzea eta gehien behar dutenei itxaropena, konpainia eta erresilientzia emango dieten kultura-esperientziak sustatzen jarraitzea.

Orona Fundaziotik harro gaude ibilbide horretan OLBE Bilbao Opera babesteaz, musika gizartea eraldatzeko eta pertsonak zaintzeko tresna ahaltsua delako uste osoa baitugu.

Interesgarria izan daiteke zuretzat

Itzuli gora